Gipuzkoako ikastetxeetako guraso elkarte sare zabalena
Baikara Gipuzkoako ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako guraso elkarteen (IGEen) federazioa da. Gaur egun, 152 IGE dira Federazioko kide, hau da, Gipuzkoako IGEen % 90 baino gehiago.
Horregatik Baikara da Gipuzkoako ikastetxe publikoetako ikasleen gurasoen ordezkari eta bozeramaile nagusia, eta hala jarduten du Gipuzkoako hezkuntza publikoan eragina izan dezaketen hainbat alderdi eztabaidatzen eta erabakitzen diren negoziazioetan eta eztabaidetan.
Elkartearen zeregina Euskal Eskola Publikoko gurasoen ekimenak jaso, babestu eta laguntzea eta beharrei erantzutea da. Horien ordezkari gisa, seme-alabentzat hezkuntza eta bitarteko hoberenak eskuratzeko helburua du, ahalik eta prestakuntza hoberena jaso dezaten maila pertsonalean nahiz profesionalean.
Erakunde independentea
Baikararen ekinbideak ez du loturarik inolako alderdi politiko, korronte erlijioso edo bestelako talderekin. Nahitaezkoa da erakunde independente izatea familia guztien interesak babesteko, eskaera oro inolako mugarik gabe aurkeztu ahal izateko eta behar bezain besteko sendotasunez gurasoen iritzia erakundeei helarazteko eta jendarteratzeko.
Familien parte-hartzea sustatu
Baikara familien parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasuna defendatzen du hezkuntza prozesu osoan, izan ere, gure seme-alaben heziketa irakasleekin partekatu beharreko zeregina dela ulertzen baitu, hezkuntzaren kalitatea hobetzen duten gai guztietan. Era berean, egitasmoak garatzen ditu Guraso Elkarteen eta ikastetxeen eskariak betetzeko, betiere helburu zehatz batekin: kalitatezko Euskal Eskola Publiko euskaldun, plural demokratiko eta laikoa lortzea. Horretarako sentsibilizazio kanpainak egiten ditu euskara, bizikidetza edo kultur artekotasuna bezalako arloetan.
EHIGE Konfederazioa
Baikara euskal irakaskuntza publikoko guraso gehienak ordezkatzen dituen EHIGE Konfederazioko (Euskalherriko Ikasleen Gurasoen Elkartea) kide da.
Baikara Kide izateko baldintzak
Baikarako kide izateko baldintza hauek bete behar dira: Gipuzkoako ikastetxe publiko bateko Guraso Elkarte izatea, gure Estatutuak onartzea eta urteko kuota ordaintzea. 2010-2011 ikasturterako kuota ikasleko 2,20 eurokoa da.
Baikararekin harremanetan jartzeko bideak:
- Helbidea: Basotxiki 36-atzealdea. 20015 Donostia
- Telefonoa: 943 327208 Faxa: 943 274977
- E-maila: baikara@baikara.org
- Webgunea: www.baikara.org
Federazioaren egoitzaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, etenik gabe, 9.30etik 17.30era (iraileko lehenengo hamabostaldian eta uztailean izan ezik; horietan, goizez baino ez, 8.30etik 14.30era).
Ordutegi horretatik kanpo hitzordua eskatzeko aukera badago, Federaziora telefonoz deituta, edo gaiaren arabera, langile teknikoei sakelako telefonora deituta.
